Aurkezpena

I.M. de Altuna Fundazioaren sortzaileek Ignacio Manuel de Altunaren (Azkoitia, 1722-1762) jokabide intelektual eta etikoa hartu zuten abiaburu, bere aparteko formakuntza pertsonala garaiko ezagutza-zentro aurreratuenetan bilatu baitzuen, beti ere Herriaren arazoak era eraginkor eta zuhurrez konpontzeko asmoz.

J.J. Rousseauk bere Konfesioetan esaten duenez, oso nabarmena zen I.M. de Altunaren talentua, baina orobat bere onerako joera, eramanpena eta adorea ere. Rousseau Altunaren Parisko etxean bizi izan zen eta Altuna Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen bultzatzaile handienetakoa zenez, Azkoitian elkarlanari jarraipena emateko asmoa zuten. Tamalez, Altunaren heriotz goiztiarrak elkarlan hau galarazi zuen.

Altunaren jokabidea eredu hartuta, ALTUNING proiektua jaio zen 2009an, gaurko gazteek ere beren jatorrizko herrien etorkizuna hobetze aldera, mundu zabalean aurki daitezkeen ideia, jarduera eta erakunde onenen bila saia daitezen.

ALTUNING proiektua ikasturte bakoitzerako egitasmo edo programa jakinetan garatzen da. 2016-2017 ikasturtean, bereziki etorkizunera begira jarri da, ETORKIZUNA ERAIKIZ programaren baitan.

Helburua

Altuning Programaren helburua: Erasmus, Altuna eta… zu

Ignacio Manuel de Altuna Erasmus ikasle-irakaslearen eredu bikaina gertatzen zaigu: Azkoitiako jaioterritik atera baitzen XVIII. mendean Europako ezagutza aurreratuenen bila bere Herriaren zerbitzura aplikatzeko konpromezuarekin eta gerora beste hainbat herrialdetan eredu bilakatuko zen Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen bultzatzaile nagusietako bat izan baikenuen.

Altuna Fundazioak atzerriko herrialde eta unibertsitateetan bizitzeko aukera duten pertsonengan I.M. de Altunaren izpiritua eta eredua bultzatzeko asmoa du.

Helburuko publikoa

ALTUNING PRO GIPUZKOA egitasmoaren aurtengo edizioan parte har lezatekeen ikasleak, 2016-2017 ikasturte akademikoan unibertsitari gipuzkoarrak izaki, Erasmus moduko nazioarteko programa arauturen bat garatzen ari diren ikasle guztiak dira. 900 Ikasletik gora, alegia.

Antolatzaileak eta babesleak

Foru Aldundiko Kanpo Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak eta Kutxa Fundazioak ALTUNING proiektuarekin bat egin dute, nazioarteko programetan partaide diren ikasle gipuzkoarrak Gipuzkoaren aldeko kanpo ekintzarako laguntzaile konprometitu bezala sentiarazteko bide egokia dela deritzotelako, atzerriko egonaldian zehar ezagututako baliozko esperientzia eta ideietan oinarritutako ekarpenak egiteko aukera emanez.

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Kutxa Fundazioarekin elkarlanean, I.M. de Altuna Fundazioak 2016-2017 ikasturtean Gipuzkoako unibertsitariak izan eta nazioarteko programa arautuetan parte hartzen ari diren ikasle guztiei, Gipuzkoaren etorkizuna hobetzeko beren ekarpenak egiteko aukera eskaintzen die.

Etorkizuna Eraikiz: ekarpenak egiteko markoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016an ETORKIZUNA ERAIKIZ  izeneko egitasmo zabala martxan jarri du. Epe ertain eta luzeko erronkei buruzko gogoeta eta esperimentazioa bultzatuz, Aldundiaren herri-politiketara berrikuntza eta Gipuzkoaren aurrerabiderako neurriak ekarri asmo ditu. Horretarako guztirako, lurraldeko erakunde publikoak, enpresak, unibertsitateak, gizarte zibila eta abar gure etorkizunari buruz lanean jarri dira.

Testuinguru horretan, ALTUNING PRO GIPUZKOA 2016-2017 ikasturteko edizioa ere etorkizunera begira jarri da. Atzerriko herrialdeetan dituzten etorkizuneko kezka, erronka eta ekimenetatik ikasiz, biharko Gipuzkoa guztion artean eraikitzeko ekarpenak eskatzen zaizkizu. Horregatik, zure ekarpena galdera nagusi hauei erantzunez egiteko eskatzen dizugu:

  • Zu egon zaren herrialde, hiri, unibertsitate edo inguruneko beste erakunde-enpresa-ekimenetan, zein etorkizuneko erronka nagusi dituzte?
  • Erronka horiei erantzuteko, ba al dute programa edo ekimen berezirik? Nolakoa da ekimen hori? Zer egiten dute? Nola egiten dute?
  • Gure ingurunean, etorkizunera begira, ba al dugu antzeko erronkarik? Eta kanpoan ikusi eta ikasitakotik, nola erantzungo zenioke erronka horri edo horiei?