Etorkizuna Eraikiz: ekarpenak egiteko markoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016an ETORKIZUNA ERAIKIZ  izeneko egitasmo zabala martxan jarri du. Epe ertain eta luzeko erronkei buruzko gogoeta eta esperimentazioa bultzatuz, Aldundiaren herri-politiketara berrikuntza eta Gipuzkoaren aurrerabiderako neurriak ekarri asmo ditu. Horretarako guztirako, lurraldeko erakunde publikoak, enpresak, unibertsitateak, gizarte zibila eta abar gure etorkizunari buruz lanean jarri dira.

Testuinguru horretan, ALTUNING PRO GIPUZKOA 2016-2017 ikasturteko edizioa ere etorkizunera begira jarri da. Atzerriko herrialdeetan dituzten etorkizuneko kezka, erronka eta ekimenetatik ikasiz, biharko Gipuzkoa guztion artean eraikitzeko ekarpenak eskatzen zaizkizu. Horregatik, zure ekarpena galdera nagusi hauei erantzunez egiteko eskatzen dizugu:

  • Zu egon zaren herrialde, hiri, unibertsitate edo inguruneko beste erakunde-enpresa-ekimenetan, zein etorkizuneko erronka nagusi dituzte?
  • Erronka horiei erantzuteko, ba al dute programa edo ekimen berezirik? Nolakoa da ekimen hori? Zer egiten dute? Nola egiten dute?
  • Gure ingurunean, etorkizunera begira, ba al dugu antzeko erronkarik? Eta kanpoan ikusi eta ikasitakotik, nola erantzungo zenioke erronka horri edo horiei?